Barritasunak
ISMAEL FIDALGO. Pintore espresionista baten abentura
- Noiztik:
- 2012/06/20
- Noiz arte:
- 2013/01/05

Erakusketa barria: "ISMAEL FIDALGO. Pintore espresionista baten abentura. Sopuerta 1928-Trapagaran 2010".
Ismael Fidalgo Sopuertan jaio zan. Enkarteriko margolari espresionistea eta XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal margolaririk garrantzitsuenetakoa izan zan. Enkarterrietako Museoak omenaldia egin gura deutso, Trapagaranen hil zaneko bigarren urteurrenean. Atzera begirako erakusketea atondu da, 100 koadru baino gehiagokoa, baita paper ganean egin zituan beste hogeita hamar lan ingurukoena be (marrazkiak, gutun apainduak, dokumentazinoa…); horrezaz ganera, produkzino propioko dokumentala be emongo da, Enkaterrigaz, Ezkerraldeagaz eta Meatzaldeagaz oso loturik egon zan artista horren bizitzari eta lanari buruzkoa.
Sopuertako margolariaren bizitza eta lana agertzen dauen bildumeaz ganera, erakusgai izango dira Fidalgoren hiru busto irudi eta beste artista garrantzitsu batzuk egin eutsiezan erretratuak, Ibarrola, Apezetxea, Etxarte, Marce Bañales edo Chumy Chúmez karikaturagile ezaguna horreen artean dirala.
Hasierako lanak
Ismael Fidalgo gerra osteko artisten belaunaldikoa izan zan eta lagun izan zituan margolari eta eskultoreak, esaterako Agustín Ibarrola, Norberto Ariño de Garay, Ricardo Toja, edo idazleak, Blas de Otero, besteak beste. Berariazko maisurik izan ez ebala joten dan arren, eragin handia egin eutsan —berari eta bere belaunaldiko artista guztiei— Jorge Oteizak, haregaz hartu-emon estua izan eban eta.
XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal artistarik garrantzitsuenen artean kokatzen dabe, eta arte kritikalariek balio handia emoten deutsie haren lanari. Dana dala, eremu jakin batzuetatik kanpo, nahiko ezezaguna da. Baztan haranean bizi izan zan aldiari esker, Nafarroan artearen eta margogintzaren iraultzaile handitzat joten dabe Fidalgo. Gerra ostean, hain sasoi gogor eta informazino gitxikoan, barritasuna eta modernotasun-arnasea sartu ebazalako —eta beste gauza asko egin ebazalako be— emoten jako balio handia Fidalgori.
Meatzarien margolari espresionistea
1957. urtean Trapagaranera joan zan eta hantxe ekin eutsan industriak eta meategiak margozten. Lan horreek ganeratu jakozan Baztanen, Zamoran, Errioxan edo Madrilen margoztu zituan paisaje edo pertsonaiei. 70en hamarkadan Zierbenako Marcelino Bañales margolaria ezagutu eban eta haregaz urte askotan egin eban lana eta adiskidetasun handia izan eban. “Naturalean” margozten azkenetarikoak izan ziran biok; “La Balco” (Babcock Wilcox) izeneko Margolarien Taldea sortu eben biek lantegi eben horretatik, eta eragin handia izan eben beste artista batzuengan.
Lehen urteetan inpresionismora hurbiltzen ziran margoak egiten ebazan arren, handik gitxira argi eta garbi lerrokatu zan joera espresionistetan. “Meategien margolaria” eta “Enkarterriko Margolaria” izendatu daben arren, izendapenok labur geratzen dira haren lanaren balioari erreparetan badeutsagu, haratago be joan zan eta.
Balioa batez be margolari kalidadezkoa izatetik, koloreak erabilten dituan moduan erabiltetik eta agertzen dauen espresibidade indartsutik jatorko, espresionismoaren barruan XX. mendeko euskal margolaririk esanguratsuenetarikoa bihurtu arte, beste euskal artista askorengan eragin handia izan ebana.
Lotutako artxiboak:
